8. “Itoiz. Udako sesioak”, Larraitz Zuazo zuzendaria
“Itoiz. Udako sesioak” film dokumentala ez da ohiko biopic-a. Zuri Goikoetxeak, Ainhoa Andrakak eta Larraitz Zuazok idatzi eta zuzendutako lan horretan, sormena eta zirrara gailentzen dira beste ezeren gainetik. Jakina, 1978an sortu eta 80ko hamarkadan zehar Euskal musikaren parametroak aldatu zituen Ondarroako talde mitikoa du hizpide nagusia. Itoizen grabazio ezezagun batzuk topatzen dira ezustean eta Juan Carlos Perezi zinta haiek sortzen dizkioten gogoetarekin batera harilkatzen da dokumentala. Larraitz Zuazo zuzendariarekin lanaren nondik norakoak xehetuko ditu Gaizka Izagirrek “Klaketa” podcastaren atal honetan.


